domingo, 10 de diciembre de 2017

Bizitzaren desjabetzea

Badira egun batzuk postontzia ez duzula begiratu ere egiten, badakizulako espero ez dituzun gutun horiek guztiak, egunetik egunera ezkaratzeko kutxatxoa betetzen duten mezu zuri eta inpertsonalek, ez dizutela ezer onik ekarriko.

Postontzia bezala gainezka egiten ari zara. Etxera iritsi zara berriro ere, argia piztera zoaz, betiko ohitura, ahaztu egin zaizu berriro ere botoi horrek bere funtzioa ez duela betetzen, bere lana egiten soilik ari zen langile xume batek etxeko argitasuna kendu zuela.

Irakurri nahi izan ez duzun karta jator horietako baten bidez jakinarazi omen zizuten zuretzat ez zegoela elektrizitatea. Kable gorria edo urdina zein moztu erabakitzen orduak pasatzen dituzten pertsonaien filmak ikusi eta ikusi aritzen zinen txikitan, gaurkoan ordean ez da gizon gihartsu bat etorriko filmetan bezala, bonba desaktibatzera. Gizon bat dator, zure aita izan daitekeen langilea da, buzo urdinean sartuta, superheroien antzera, zigarroa ezkaratzaren aurrean bota eta hor dator eskaileretan gora, kable urdina eta gorriak, biak moztera, hau ez da filma, ez dago zalantzarik. Zast! Zure barruko lehergailua piztu da.

Aspaldi utzi zenion zuk erretzeari, horregatik arraroa egiten zaizu pizgailua edo zure amak esango lukeen bezala txiskeroa eskuetan sentitzea. Ez zara biziora itzuli ez, baina bai ematen dizula bizia sua sortzeko tramankuluak; etxeko kandelak pizteko erabiltzen duzun tresna, gorputza berotzen dizun gauza bakarra.

Aulkian eseri zara arnasestuka, etxeko ateari begira pentsakor. Askotan pentsatu duzu agian noizbait, norbaitek, atearen azpitik orri bat igaroko duela, zure arnasestuak ilegalak direla esanez, arnasteko ordaindu egin behar dela eta hala egiteari ukatuz gero zure biriken bila etorriko direla. Oilo ipurdia jarri zaizu hori pentsatzean baina ez duzu amore ematen, jauzi batekin salto egin eta sukaldera zoaz bizi hobe bat aurkitzen ez duenaren antzera.

Sukaldeko kajoiak ireki eta itxi, ireki eta itxi ari zara barruko orroak baretu nahian, baina, ez duzu ezer aurkitzen. Hautsa, hezetasuna… horrekin ogitartekorik egin ahal daiteke? Gaur gaurkoz eskuko azazkalekin konformatu beharko, eskuineko eskuko laugarren hatzean zertxobait geratzen omen da.

Sabela betetzeaz gain eztarria bustitzeko asmoarekin sartu zara sukaldera, edalontzi bat hartu eta txorrota ireki duzu. Errealitate hotz hotza irristatu da metalezko konketan zehar. Egindako apañoa ura eduki ahal izateko aspaldi konpondu zuten beste superheroi batzuk.
  
Itzali dira urteetan etxea biltzen zuten irratiaren uhinak, paretek bizia zutela ziruditen uneak, gau eta egun ahizpa txikiarekin jolasean. Kazuela erraldoien artean galtzen zineneko garai horiek bukatu dira. Bukatu dira berogailuak sortutako eguzki izpi gozoak.

Baina ez duzu bukatu, lapurtu egin nahi dizute, zurekin bukatu nahi dute,  baina ezingo dute. Burua ez duzu inoiz jaitsi eta ez duzu inoiz jaitsiko. Hotza sentitzen duzu, gosea eta egarria. Bizi egarri zara, aukera egarri. Barnean sortu zaizun zuloa betetzeko gosea. Baina ez duzu indarrik, bihar ere berriro argituko du eta burua altxatzeko indarra pilatzea duzu helburu lo egin bitartean.

Aspaldi ez duzula amets egin pentsatuz zoaz lotara. Zer duzu ba amesteko? Jaso duzun azken zorion txartela bankuarena denean… Baina gaurkoan lortu duzu, indarra pilatu duzu. Zoriontsua zarela amesten duzu, argitasunez beteriko gelak ikusten dituzu. Ispiluz josita dago zure etxea, uneoro zure irribarrea ikus dezazun. Azkazalak luze luzeak dituzu eta egunero esnatzeko irakiten dagoen ur txorrotak ferekatzen du zure gorputza.

Pixkanaka esnatzen joan zara, zoritxarrez desagertu da zure buruak sortu duen guztia, baina ametsean sentitzen zenuen indarrak hor dirau. Ausardiaz sentitzen zara, egunero janzten dituzun trapu zatarrak jantzi eta argi duzu gaurkoa ez dela izango beste egun bat! Oihu egin duzu, dantza, alde batetik bestera. Baina bat-batean hotzikara sartu zaizu gorputzean, ate azpitik orri bat.

Orria tolestuta dago baina ezagunak dituzu bertako zigiluak. Zure buruan bi aukera izan ohi dituzu beti, baina gaurkoan ez, gaurkoa ez da beste egun bat, ez diozu inori gehiago hotzikarak izotz bihurtzen utziko. Plazerrezko hotzikarak soilik sentitu nahi dituzu.

Hotz zara eta azkenaldian etxea berotzeko keinua errepikatuko duzu. Ate azpiko orria hartu, eta pizgailuaren gaikaldean jarri duzu. Hotzikarak agurtuz bizi berri bati ongi etorria eman diozu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario